entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Liburuak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Liburuak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
2002-12-03

Aritz Sound System (Txalaparta) BOB MARLEY errespetua, maitasuna eta askatasuna

Bob Marley, Bob Marley. Zenbat alditan entzun eta irakurri dugu izen hori. Baina, zein zen benetan Bob Marley? Bob Marley Robert Nesta Marley zen jaiotzez eta Beharne Selassie hil zen. Bob Marley Norval Sinclair Marley militar ingelesa zen eta baita Cedella Booker afrikar esklaboen ondorengoa ere. Bob Marley zuria zen eta beltza, oso beltza. Mendeetan zehar esklaboen lana eta sufrimenduari esker aberastutako sendi aberatsen esku dagoen irlako ghetto txiroetan hezitako gaztea zen Bob Marley. Arnasaren beharrean zegoen gaztea zen, amets egiten zuen gaztea eta maiz amesgaiztoak zituena. Musikaz bizitzea zen bere ametsa eta behin hori errealitate bihurtuta musika horren bidez mundua aldatzea izan zuen amets. Bidea luzea zen.

Bob Marley ez zen Bob Marley. Bob Marley Peter Tosh zen, Bunny Wailer, Rita Marley eta Wailer-a. Justiziaren alde garrasi egiten duena da Wailer-a. Bob Marley Marcus Garvey zen, beltz izateagatik arro sentitu eta bere herriaren historia ahazten ez duena, sustraiduna. Bob Marley Haile Selassie zen, Erregeen Errege, Jaunen Jaun, Judeako Leoi Konkistatzailea... herriaren kontura aberastu eta bere burua salbatzailetzat duena. Kalean bizi diren milaka lagunen esperantza zen Bob Marley, mezularia. Bob Marley luxuzko etxea eta autodun txiroa zen, lagun asko zituen aberatsa eta lagunak ez diren lagunak zituena. Musikari aparta zen Bob Marley, inoiz egon den ahotsik bereziena zuena, goxoa eta sakona. Musikari esker egin zen ezaguna mundu osoan eta musikari esker zabaldu zituen eta zabaltzen ditu gaur egun oraindik ere bere mezuak, askatasun mezuak. Bob Marley zirenen doinuekin txuriek, beltzek, argi zein ilunek, gorriek, horiek, marroiek eta ikustezinek sentitu zuten eta sentitzen dute.

Bob Marley ez zen Bob Marley. Bob Marley reggae musika zen, rocksteady-a, ska, dub, toaster, dancehall, ragga, funk, soul eta jazza. Bob Marley ganja zen, collie, jamaican gold, herb eta marihuana. Bob Marley sound system mugikorra zen, irratia eta grabazio estudioa. Mafia. Gitarra, eszenatokia, fokuak, kableak, mikrofonoa eta autobusa zen, Babilonian zehar.

Bob Marley biniloa, kasetea, konpaktua, minidiska, kamiseta, DVD-a, bideoa, pina eta posterra da eta izango da. Dirua ematen duen merkantzia. Bob Marley ez da Bob Marley. Bob Marley Jainkoa da, eta deabrua. Bob Marley Timothy White, Carlos Monty, Jesus Ordovas, David F. Abel, Josetxo Mintegi eta beste askoren biografia da. Bob Marley Txalapartaren Axuri Beltza saila da. Errespetua, maitasuna eta askatasuna da. Guzti hori... eta askoz ere gehiago da Bob Marley.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.