Hainbat pertsonaien bizitzekin edo bizitza pasarteekin marraztu du Urtzi Irrutikoetxeak egungo Bilbo hiria, Bilbo posible bat, etengabe aldatzen ari den hiria. Aldaketa handien azpian dagoen “intrahistoria” deritzona du mamitzat: kafetegian lan egiten duen emakumea, han hemendik heldutako etorkinak, turismo-gidaria, ijitoak, Santutxuko gazteak eta gaztetxea eta eskailera mekanikoak eta ezusteko amaiera, poliziaren joan etorriak, sexu bereko maitaleak, bikote harremanak, langile erretiratuak, kaleak pintatzera ateratzen diren gazteak, taxi gidariak… Eta bizitza oihal hauen azpian dauden arazo, grinak, ilusioak: gurera urrundik heldutako horien gizarteratze zailtasunak, euskal preso politikoak eta beren senitarteko eta gertukoak bizi dituztenak, jubilazioa, drogak, gaztediaren kezkak –“nire aitaren etxea defendatuko dut, ze nirea daukadanerako… Gabriel (Aresti): Lehen hobea zen etorkizuna” dioen kaleko margoan islatua horietako bat–, euskara, maitasun istorio txikiak… Goizaldetik goizaldera, alegia 24 ordutan, Bilboko biztanleen kronika osatu du Urrutikoetxeak; istorio txikiak dira, egungo Bilboren paisaia marrazten dutenak.