entzun.com

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Liburuak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Liburuak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Gotzon Hermosilla 2017-03-30

Punk literatura

KONTRAKULTURA MUGIMENDU BATI BURUZKO LIBURUAK
Ba al dago punk literaturarik? Wikipediaren arabera, bai: Punk subkulturarekin erlazionaturiko literatura, dio. Baina gauza jakina da ez dagoela Sareko entziklopediarekin fidatzerik. Dena den, genero gisa existitzen den ala ez gutxienekoa da; hona hemen punkarekin zerikusia duten zenbait literatur lan.

Kultura ofizialaren zaindariek rock & rolla mespretxatu izan dute beti. Eta, horri kontra egin nahian edo, rock & rollaren defendatzaile zenbait saiatu dira hura kultura jasoaren pare jartzen. Bide horretatik doaz, esaterako, rocka XX. mendeko musika klasikoa gisa definitzeko saiakerak, edota pop abestien letrak poesiarekin parekatzeko ahaleginak. Azken bolada honetan rocka ardatz hartuta argitaratu diren liburu, ikerketa, doktorego tesi eta abarren ugaritzea bera ere asmo horren sintoma da.
Rock & rolla kultura ofizialaren errespetagarritasunaz janzteko ahaleginean diharduten horiek albiste ederra jaso dute aurten, Bob Dylani Literar Nobel Saria eman izana aitortza handia da gero. Rock abestietako letrak ere literatura izan daitezke. Aurkakoek berehala altsa dituzte ahotsak: Nola liteke literatur saririk ospetsuena kantari bati ematea?!
Gu ez gara eztabaida horretan sartuko, ez baitugu uste kultura ofiziala omen den horren pare jarrita rock & rollari inolako mesederik egiten zaionik. Eta, gainera, berdin digu. Punk rockarekin zerikusia duten liburu batzuk zuei aurkeztera mugatuko gara, zuen interesekoak izan daitezkeelakoan, baina punk literaturaz (halakorik baldin badago behintzat) teorizatzearena beste baterako utziko dugu.
Literatur lanak aukeratu ditugu, eta kanpoan utzi ditugu talde eta musikarien biografiak, baita eszena edo joeren inguruko saiakerak ere, nahiz eta testu horietako batzuek kalitate literario ukaezina duten (Jaime Gonzaloren Escupidos de la boca de Dios edo Combustin espontnea datozkigu gogora, esaterako). Oso zorrotza ere ez da zerrenda hau; apalategia arakatu eta eskura agertu zaizkigun liburu batzuk ekarri ditugu hona, ez bakarrak ezta garrantzitsuenak ere.


BURROUGHS, William S.
Exterminador!
Libros Crudos, 2014.

Ez dut uste inongo idazlek izan duenik Burroughsek baino eragin handiagorik punk azpikulturan. Egia da ez daukala horrekin lotura zuzenik (punk-rocka agertu zenerako Burroughsek 62 urte zituen eta bere lan garrantzitsuenak idatzita zeuzkan), baina haren eragina ukaezina da, eta ez gara hemen hasiko letrak idazteko, taldeari izena jartzeko edota inspirazio-iturri bila Burroughsengana jo duten musikarien zerrenda osatzen. Ez genuke inoiz amaituko! Zaharraren lan ezagunenak aukera genitzake (Junkie, Naked Lunch, Nova Express), baina Exterminator! hobetsi dugu; kontaketa laburren bilduma delako, bikaina delako, irakurterrazagoa delako... eta, batez ere, gure babes osoa merezi duen Euskal Herriko argitaletxe txiki batek kaleratu zuelako (gazteleraz).


CARROLL, Jim
Living at the movies
Penguin Books, 1981.

Musikari askok eta askotarikoek sentitu dute orri zuriak zirriborratu eta argitaratzeko tentaldia; Siniestro Total-eko Julian Hernandezek edota Gatibu-ko Alex Sarduik egin dute, adibidez. Kontrako bidea jarraitu zuen Carrollek. Living at the movies honek 1973an ikusi zuen argia estreinakoz; 22 urte zituela rock &roll talde bat egitea erabaki zuenean, 1978an, Carroll AEBetako poeta gazterik entzutetsuenetako bat zen. Haren lan ezagunena Basketball diaries memoria liburua da, gerora Leonardo DiCaprio protagonista zuen film homonimoaren oinarri izan zena. Carrollek inoiz idatzitako hitzik ederrenak, ordea, Catholic boy (1980) lehenengo diskoak jaso zituen.


CHUCA, Macky
La reina del burdel
Sloper, 2011.

Macky Chuca (Buenos Aires, 1973) Mostros punk-rock taldeko abeslaria izan zen, eta La reina del burdel bere aurreneko ipuin liburua da (geroago poema liburu bat argitaratu zuen: Saliva). Chucaren prosa indartsua da, originala, poetikoa, irudi harrigarriz betea. Bere ipuinak ez dira beti oso narratiboak, ez dute istorio borobilik kontatzen, baina ezusteko iradokitzaile ugari dakartzate. Eta istorio bat kontatzea erabakitzen duenean, Chuca Take no prisoners leloari zor zaio, haurtzaroaren xalotasunari, familiari edo maitasunari tiro eginez (Las chicas son huecas, Taradita deforme). Liburuaren azala ere bikaina da.


DIAZ, Miguel
Islas canallas
Lagrimas y Rabia, 2007.

Escorbuto Crnico eta Guerrilla Urbana talde kanariarren letrak inoiz entzun badituzue, honezkero jakingo duzue Miguel Diaz Diaz Zurdak mihi zorrotza darabilela apaizak, politikariak, enpresaburuak eta antzeko jendilajea zafratzeko. Islas Canallas du izena Zurdaren lehenengo liburuak (2011ko El triunfo de la golfera eleberria eta 2009ko Por ah te pudras poema liburua ere baditu), eta bikaina da: garratza, eskatologikoa, oso dibertigarria, Gaztelaren urrezko aroko pikareskatik eta Valle Inclanen esperpentotik edaten duen prosa dotorez taxutua. Gutxitan egin dut hainbeste barre liburu bat irakurtzen. Baina algaren atzean errealitate ustel baten (kanariar uharteetako sistema politiko eta sozialaren) kritika gupidagabea dagoela ahaztu barik.

GOPEGUI, Belen
Deseo de ser punk
Anagrama, 2009.

Bere hastapenak oso bestelakoak izan ziren arren (1993ko La escala de los mapas nobela harrigarri hura), gaur egun Espainiako errealitate politiko eta sozialari (ustelkeriari, liberalismoari, pobreziari) ezikusia egiten ez dioten idazle gutxi horien multzoan sartu ohi dute Gopegui. Eleberri honetan ere badago alde sozial hori: protagonista, Martina, hamasei urteko neska bat da, eta munduaren kontra oldartzen da nerabe guztiak aurreko belaunaldiaren kontra altxatzeko duten grinak bultzatuta, baina baita bere ingurune politiko eta sozialak haserratzeko arrazoi ugari ematen dizkiolako ere. Bere amorrua adierazteko ekintza sinboliko bat egitea bururatzen zaio: irrati batean sartu eta kanta bat ahalik eta ozenen jartzea, entzuleen kontzientziak inarrosteko helburuz. Aukeratutako kanta Iggy & The Stooges-en Gimme danger izateak erakusten du Martinak gustu ona duela. Gopeguik bezala.


GRISHAM, Jack
Untamed
Punk Hostage Press, 2013.

Jack Grisham, TSOL hardcore taldeko abeslaria izateaz gain, idazle aparta da. Horren erakusgarri dira Untamed bilduma honek jasotzen dituen ipuinak. Suizidioa, droga eta sexu txarrak, indarkeriak otso basati bilakatzen dituen tipo arruntak, Jaungoikoa bahitu eta torturatzen duten eroak, homosexualak jipoitzen dituzten lesbiana taldeak eta mendeku gisa lesbianei eraso egiten dieten gay bandak... Grishamen unibertsoa basatia da, larregizkoa, esperpentikoa, baina oso dibertigarria. Eta istorioak bikain kontatzen ditu.


MAAS, Jose Angel
Historias del Kronen
Destino, 1994.

Punkaz eta literaturaz ari bagara, Maas aipatu behar dugu derrigorrez, besteak beste gaiaren inguruan teorizatu duten egile bakanetakoa delako; Literatura y punk izeneko artikuluan egin zuen, Ajoblanco aldizkarian, 1998an. Bere garaian, Espainiako literatura berriztatu eta hankaz gora jarri behar omen zuen belaunaldi bateko ikurtzat hartu zuten kritikariek Maas; Ray Loriga, Lucia Etxebarria eta beste batzuekin batera. Generacin X deitu zioten horri eta, gaurtik begiratuta, bistakoa da etiketa hark asko izan zuela liburuak saltzeko asmatutako amarrutik (pentsa, Juan Manuel de Prada ere sartu nahi izan zuten multzo horretan). Aitortu behar dugu, ordea, Maasen trilogia osatzen duten liburuek (Historias del Kronen, Mensaka eta Ciudad rayada) irakurraldi atseginak eskaintzen segitzen dutela.


REKALDE, Paddy
Aizu Paddy!
AEK, 1997.

Ezin ukatuzkoa da punkaren eragina Rekalderen literaturan. Baina, kasu! Sex Pistols eta The Clash-en artean hautatu behar denean Sandinista-ren egileak aukeratzen dituztenetakoa da Paddy, eta hori agerikoa da bere testuetan. Paddyk punk konprometitua du gogoko, kontzientziaduna, positiboa, reggae edo sustraiei muzin egiten ez diena, eta ez hainbeste punkaren alderdi destroyer eta kaotikoa. Honako hau Rekalderen lehenengo liburua da, Aizu! aldizkarian argitaratutako narrazioek osatua, eta bere ibilbideko punkiena nire iritziz. The Clash (batez ere, eta beste guztien gainetik), Hertzainak, Pogues, Siouxsie & The Banshees eta beste batzuek jartzen dute soinu banda.


SMITH, Patti
Eramos unos nios
Lumen, 2010.

Musikaria izan aurretik Smith poeta zen, eta poeta izaten jarraitu zuen rock & roll talde bat sortzea erabaki ondoren ere. Haren poesia liburuak, Rimbaud, Verlaine eta sinbolismo frantsesaren eraginez beterik, guztiz gomendagarriak dira (aukeran, komeni da ingelesez irakurtzea, gaztelaniara ekarritako itzulpenak, edo nik ikusi ditudanak behintzat, eskas samarrak baitira). Baina Smith poeta izateaz gainera prosa idazle bikaina ere bazela Just kids eder honekin jakin genuen. Memoria liburu honetan bere gaztaroaren pasarteak kontatzen dizkigu Smithek, New Yorken bizitzen hasteak sortu zion zirrara eta, bereziki, Robert Mappelthorperekin izandako maitasun-adiskidetasun harremana. Benetan hunkigarria. Horren jarraipena den eta aurten plazaratu duten M Train irakurtzeko irrikan nago.


ZABALA, Juan Luis
Galdu arte
Susa, 1996.

1980ko hamardan Euskal Herrian gertatu zen gazte iraultza hark (eta haren soinu bandak) izan zuen islarik literaturan ere. Xabier Montoiaren Non dago Stalin? (1991), Unai Iturriagaren Berandu da gelditzeko (1999) eta beste batzuk aipa genitzake, baina, dudarik gabe, Galdu arte da urte zoro haietako kronika gisa denon gogoan gelditu den eleberria. Liburuaren protagonista Xepe da; eta, harekin batera, Azkoitiko gaztetxea, gaztetxean ibili zirenak eta, zentzu zabalean, kontraesanez beteriko belaunaldi matxino eta maneiagaitz hura guztia ere protagonista dela esan genezake. Liburuan La Polla Records, RIP, Sex Pistols, Buzzcocks, Basura, Odio, Matrona Impdica, Eskorbuto eta beste zenbait talde agertzen dira; baina ez da hori narrazio hau punk literatura bilakatzen duena. Klasiko bat, merezimendu osoz.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.