Bai, badakigu ez dela azken orduko berria, denbora dezente pasa dela "Scratch" dokumentala estreinatu zenetik, baina tira, guri bost. Interesgarria iruditzen zaigu eta are gehiago beren webgunean sartu garenean.Bertan unibertso mamitsu batekin egin dugu topo. Noski, pelikularen berri ematen zaigu: hip-hoparen jaiotzatik gaur egun arteko ibilbidea. Kaleko errimak eta ahots perkusioetatik hasi, break dance-aren eztanda, binilozko diskoak, scratching teknikaren garapena, dj lehiaketak eta musika saio basatiak. Besteak beste, Mix Master Mike (Beastie Boys), Rob Swift and the X-ecutioners, Cut Chemist & NuMark (Jurassic 5), DJ Craze, The Bullet Proof Space Travelers… agertzen dira filmean. Bestalde, webgunearen estetika polita eta eleganteak atentzioa deitu digu. Edukiari dagokionez berriz, iaz sortu zuten zigiluaren berri ematen digute. Diotenez, Scratch Recordings diskoetxe eta DVD argitaratzaile independentea da eta sorreraren zergatia kalitatezko hip-hopa argitaratzea izan da.