harpide
sarrera + berriak + diskoak + elkarrizketak + dossierrak + foroa
maketak.com + erreportajeak + iritzia + backstage
atzera begira kronika zuzenak + aholkua + harpideak
emaila eman eta gure buletina jaso
argazkiak - ikus-entzutekoak - irakurgai - ikusgai - entzungai
komikia harremanak estekak lantaldea non aurkitu?
euskal musikan zein da zein taldeak diskoetxeak management jaialdiak komunikabideak
berriaketa...
 

 



HELDU DA GETXOKO XIX. NAZIOARTEKO BLUES JAIALDIA

Ekainaren 8tik 10era Getxo & Blues jaialdiaren edizio berri bat burutuko da. Munduan dauden blues estilo desberdinen erakusleiho bihurtuko da Getxo hiru egun ahuetan zehar. Eta betiko moldez, musika ezin hobea entzuteko parada izanen dugu, esaterako, Buddy Guy maisuaren eskutik.

Buddy irribarrestu

Gitarrari eragiten

Zora
Aurtengo proposamenean artista handiak eta musikari gazteak bilduko dira. Lehen egunerako aperitibo modura, Hash etorriko zaigu, Fito&Fitipaldis edo Flying Rebollos taldeetan zaildutako musikariak blues-rock ona jotzeko biltzen dituen euskal taldea.
Hashen ondoren, Sherman Robertsoni ailegatuko zaio txanda, swamp blues, zydeco eta rhythm&bluesaren doinuak uztartzeko.
Biharamunean aurtengo edizioaren artistarik garrantzitsuenaren txanda izango da: Buddy Guy handia, Chicago Blueseko izar handietako bat.
Bukatzeko, ohi bezala, jaialdiaren urrezko amaiera abeslari baten eskutik etorriko da: Zora Young, hiru hamarkada luzeko ibilbidea duen artista ospetsua.

>ARTISTAK

Hash: Blues rock erritmoak, country, jazz eta rhythm&blues eta soul soinuen zipriztinak; oso eragin desberdinak biltzen ditu: Fabulous Thunderbirds, Steve Ray Vaughan, Rolling Stones, The Band, Neil Young, Black Crowes, Otis Redding, Allman Brothers, Little Walker, Muddy Waters, Taj Mahal, Johnny Winter, Bob Dylan…

Sherman Robertson: Artista trebatu honek bere musikan estilo desberdinak batzen jakin du, zydeco herritarra zein Louisiana padura eremuetako jatorrizko swamp bluesa, baita rhythm&blues, rock'n roll edo country musika tartean ere. Bere ibilbidean zehar Robertsonek Clifton Chenierren mailako blues gizonekin elkarlanean aritu da, beste estilo batzuetako musikariekin, berbarako, Paul Simonekin izandako proiektuak ahaztu barik. Louisianako musikariak Getxon The Blues Move blues banda britainiar handienetako batekin batera joko du, 2003tik haiekin ari baita.

Buddy Guy: Chicago Blueseko legendetako baten eskutik. Guy musika genero honetako figura eztabaidaezineko bat da, eta eragin izugarria izan du Led Zeppelin zein The Rolling Stones banda historikoengan, beren estilo eta musika eredu bitxiak garatzeko oinarri hartu baitzuten. Bost Grammy sari, eta 23 W.C. Handy sarik abalatzen dute artista honen ibilbide oparoa; 2005ean ondo merezitako lekua lortu zuen Rock and Rollaren famaren aretoan. Berrogei urte luzeko jarduerarekin, Buddy Guyk bluesetako maisu ukaezina izaten jarraitzen du.

Zora Young: gospelaren munduan hasi eta ondoren rhythm&blues murgildu zen emakumezko abeslari honek hogeita hamar urte luzeko ibilbidea egin du dagoeneko. Bide horretan zehar, Boby Rush, Buddy Guy, Albert King edo B.B. Kingen mailako artistekin jardun du.


>EGITARAUA

Ekainak 8, ostirala
Hash + Sherman Robertson and blues move

Ekainak 9, larunbata
Buddy Guy

Ekainak 10, igandea
Zora Young (20.00)

Tokia: Santa Eugenia plaza (Erromo)
Ordutegia: 21.30, igandean 20.00etan
Sarrera doan

Documento sin título

DONOSTIAKO PIRATAK MUSIKA LEHIAKETA

Musika talde hasiberriei Donostiako Aste Nagusian merezi duten lekua eskaintzeko asmoarekin, Donostiako Piratek Musika Lehiaketa antolatu dute. Parte hartzeko epea abuztuaren 9an amaituko da. Saria, Donostiako trinitate plazan jotzea.

UDAKO SOINU BANDA THE SPARTEENS-EN LEHEN DISKO LUZEAN: “GRANDES ÉXTITOS DEL AYER”

The Sparteens taldeak Grandes éxitos del ayer disko luzea argitaratu berri du. Bertan, eta izenburuak aski ongi dioen bezala, iraganeko hamaika abesti bildu dituzte twist eta ye-ye doinuetara ekarriz, tartean La Polla Records-en Txus, Delirium Tremens-en Ikusi eta ikasi edota Faith No Moreren Diggin the Grave. Hala ere, nor izan zen lehena, oiloa ala arrautza?

WILLIS DRUMMOND LAPURTARREK ZUZENEKO DISKO BERRIA ARGITARATUKO DUTE AURKI

2009ko irailaren 19an Willis Drummond taldeak Psilocybenean eman zuen kontzertua argitaratuko du Bidehuts plataformak.

BIDE ERTZEANEK ABESTI BERRIZ OSATUTAKO DISKOA PLAZARATUKO DU UDAZKENEAN

Leidor Sessions zuzeneko diskoa argitaratu eta berau plazaz plaza aurkezten ibili ondotik, lan berri batekin datoz tolosarrak: Don Inorrez izeneko diskoa, 2010eko udazkenean plazaratuko dena. Bide Ertzeanen abesti berriak izanen ditugu gozagai lau urteren bueltan.

WE ARE STANDARD TALDEAK “AITORMENA” KANTAREN BERTSIOAREN GRABAZIOA AMAITU DU ETA ERREMIXEN DISKO BAT KALERATUKO DU UDA OSTEAN

Bilboko taldeak dagoeneko amaitu du Hertzainak taldearen Aitormena kanta ezagunaren bertsioa Elkarreko estudioetan. Kanta hau udazkenean kaleratuko den Loving Gaztea diskoaren barruan dago. Loving Gaztea diskoa Gaztea irratiaren 20. urteurrena ospatzera dator eta bizkaitarrekin batera, Berri Txarrak, Barricada, Ken Zazpi edota Su ta Gar taldeek parte hartuko dute.

TXAPEL REGGAE JAIALDIAK 20 URTE BETE DITU ETA BIZIKI OSPATUKO DUTE UZTAILAREN 17AN

Armintzako Txapel Reggae jaialdiaren XX. urteurrena (1990-2010) ospatuko dute uztailaren 17an. Bizkaiko kostaldeko herri honek askotariko erritmo jamaikarrak hartuko ditu. Besteak beste, Chulito Camacho, Yaniss Odua, Souleyman eta Laina Ankh Seyni & Yeliba eta Bad Sound System arituko dira. Eta betiko lez, doan!

 

 

 

 
     
footer